Iratiko oihana eta Zaraitzuko naturguneak
Irati Europako oihanik zabalenetakoa eta hobekien kontserbatuetakoa da. Goza ezazu Zaraitzun, Irati-Abodi Mendi Gune berrian, Iratiko etxeetan eta Erremendia lekune naturalean.
Iratiko oihana Orhi (2.021 m) edo Abodi (1.537 m) bezalako mendiek inguratutako arroa da, erreka eta errekasto ugarik zeharkatzen dutena. Basoan 16 bide markatuz osatutako sare zabala dago. Horiez gain, Irati zeharkatzen duten bi ibilbide luze daude: Pirinioetako Ibilbide Handia (GR-11) eta Euskal Herriko Ibilbidea (GR-12).
Iratiko oihana BTT maite dutenen paradisua da, eta neguan iraupen-eskiaren edo elur-erraketen zaleena.
Irati Abodi
Irati-Abodi Mendi Gunea, aduana zaharraren orubean kokatua (Pikatua), eraikin moderno eta funtzionala da, ipar eskiko materiala, elur-erraketak eta BTT bizikletak alokatzen dituena.
Iratiko etxeak
Iratiko etxeetako harreragunea da turistek Iratiko oihanera sartzeko gehien erabiltzen duten sarreretako bat. Iratiko etxeak, Erregeren etxeak ere deituak, Elurretako Ama Birjinaren ermitatik 100 metrora daude. “Guarden etxea” delakoan ostalaritza-zerbitzuak, erakusketa-areto bat eta hitzaldietarako eta bileretarako gelak daude.
Erremendia
Jaurrieta udalerrian dago, Abaurregainarako noranzkoan. Lekune natural eta aisialdirako eremu hau izen bereko mendatean dago, Aezkoa, Zaraitzu eta Urraulgoitiren artean.
Mendi-inguru eder eta ikusgarria da bere gailur eta ikuspegi paregabeei esker. Bertan ohikoa da ganadua ikustea larreak baitira.
Mendi-ibiliak egiteko bi bide markatu daude. Aparkalekua badago.
© Junta General del Valle de Salazar-Zaraitzu – Política de privacidad y Aviso legal . Política de Cookies